Ikasturte honetan, gelan sukaldatu nahi genuela, esan genuen. Gelakide batek gailetak etxean egindakoak egun batean hamaiketakorako ekarri zituen eta gelan egitea proposatu zuen. Hurrengo egunean, errezeta idatzita ekarri zuen eta gelan egiteko aproposa iruditu zitzaigun.
Osagaiak arbelean zerrendatu genituen eta erosketak egitera joan baino lehen, bakoitzak bere etxetik ekar zezakeena aipatu zuen. Hurrengo egunean, zerrendatik ezabatu genituen, eskolan geneuzkan osagaiak edo etxetik ekarritakoak. Orduan, behar genituen gauzak erostera joan ginen.
Eskolara bueltatu, eskuak ondo garbitu eta osagai guztiak prest genituenean, masa egiten hasi ginen. Denon artean orea prestatu ondoren, sukaldatzeko plastikoan bildu eta hozkailuan sartu genuen, hurrengo egunean egin ahal izateko.
Gailetak egiten hasi aurretik, bakoitzak bere koadernoan idatzi genituen osagaiak eta errezeta nola egin. Horren ondoren, prest geunden lanean hasteko. Bakoitzak bere pusketa hartu eta ikasle batek ekarritako moldeak erabiliz, bakoitzak bere gailetak sortu zituen.
Bukatzeko, labean sartu eta bitartean, zikindu genuena garbitzeko aprobetxatu genuen. Gailetak labetik atera ondoren, banatzeko ordua iritsi zen: batzuk irakasleentzat, beste batzuk etorri ez zen ikasle batentzat, beste bat hamaiketakorako eta besteak, etxekoentzat, beraiek probatu ahal izateko. Ederrak zeuden!!
