Berastegiko Liburutegira hurbildu ginen saio oso berezi eta hunkigarri batez gozatzera. Han, Irati zain geneukan istorio eder bat oparitzeko: “Ez da erreza, Kattagorri”.
Kattagorri txikiak pena handia zuen bihotzean, ama hil zitzaiolako, eta uste zuen inoiz ez zela berriz zoriontsua izango. Baina, ipuinak erakutsi zigun bezala, bizitzak aurrera jarraitzen du eta maitasunak zauririk sakonenak ere sendatzeko indarra du.
Kontakizunaren ondoren, bihotzak zabaltzeko unea iritsi zen. Kattagorriren abenturari buruz hitz egiteaz gain, gure sentimenduak partekatu genituen: faltan botatzen ditugun pertsona eta animalia horiek ekarri genituen gogora. Tristuratik abiatuta, elkarrekin ikasi genuen maite ditugunak agian ez daudela fisikoki gurekin, baina beti-beti egongo direla gure bihotzetan bizi-bizi.
Saio ahaztezina, goxotasunez eta enpatiaz beteta! Eskerrik asko, Irati!
